XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. TRENA

Eusko Tren (Burnibidearen Euskal Museoa)

Hegazkinak eta automobilak sortu baino lehenago, trenak bete zuen bidaztiak alde batetik bestera eramateko zeregina.

Oraindik ere garraiabide eroso, egoki eta merkea da trena, burdinbide modernoetan batez ere.

BENETAN NORK ASMATU ZUEN TRENA?

Erantzuna oso motza dugu: Inork ez.

Urte batzuetan zehar eman ziren aurrerapen eta hobekuntza multzo baten ondorioa da.

XVI. eta XVII. mendeetan, egurrezko karril batzuen gainean ibiltzen ziren bagoi txiki haiek, eta geroago ere ez ziren gauzak oso azkar bilakatu.

2 JOSTAILU TRENA

Haurrek zein nagusiek sentitu bide dute inoiz halako barne-zirrara bat, jostailu-denda batean tren ttipitto batzuk ikustean mendi artean, zelai zabaletan zehar, zubi gainetatik eta tuneletan sartu-irtenez ibilki.

Mundu berri zoragarri bat sortzen da begien aurrean; nork bere nahira goberna dezakeen mundu zoragarri bat.

Bidari-trena, merkantzi trena, elektrizitate edota baporezko lokomotora: denak aurrera doaz; bidea libre ez badago, bidegurutzeetan gelditzen dira, geltokian egonalditxo bat dagite, seinaleak errespetatzen dituzte.

Geure etxean antola daiteke honela zirkuitu bat, eta egiaz gertatzen denaren kopia bat eduki: tren soiletik, trenbide-teknikaren aurrerapenak dituen instalazio handietaraino.

Bideak eta paisaia norberaren irudimenaren arauz egingo dira.

Honela proiektu berriak egin daitezke, bide berriak asma eta ezar.

Trenbide erdian ukigune batzuk daude, motorra eragiten duen elektrizitate-indarra lokomotorari emateko.

Airez doazen hariak ere badira, elektrizitate-makinak esekirik doan haritik indarra hartzen duelarik, hala nola benetako trenbideetan.

Seinaleak gida-taularekin loturik daude eta dena automatikoki dabil: makina berez da gelditzen eta ziztu zorrotza egin ohi du diskoa gorri dagoelarik; trena heltzean geltokiko argiak izeki ohi dira, edota txanketa edo hesia jaisten da trenbide gurutzean.

Mandu-taulatik trenaren abiadura ere zuzen dezake jabeak, orratzak alda ditzake eta maniobra oro egin edozein tokitan.

Lokomotora eta bagoi txiki hauek egiazko trenen berdin-berdinak dituzu.

Munduan dabiltzan tren ospetsuak ere ibil daitezke zirkuitu horretan.

Bidari-bagoiek argiak daramatzate barruan, bai eta giza irudi txikiak ere.

Beti ugal daiteke tren-bilduma, eta tren-zati berriak, lokomotorak, zubiak, seinaleak, etxeak eta horrelakoak eros.

3. KORTXOZKO TRENA

Materiala:

- 3 kortxo

- koloretako kartulinak

- alanbre zatitxo bat

- kola

- ganibeta

- artaziak

Nola egiten den:

1. Kortxo bati muturtxoa moztuko diogu tximinia egiteko.

2. Kartulina beltzez, zortzi biribiltxo moztu gurpilak egiteko.

3. Leihoak koloretako kartulinez egindako laukitxo batzuk izan daitezke.

4. Teilatuak: egin bi laukizuzen kartulina gorriz, kortxoaren luzerakoak eta gutxi gorabehera beraren zabalera dutenak, eta tolestu erditik.

5. Orain, teilatu bat erditik moztu eta tximiniari jarriko diogu; gero, hau kortxoaren alde bati erantsiko diogu: beste aldeari, beste teilatua jarriko diogu.

Gero leihoak eta gurpilak ipiniko dizkiogu.

6. Beste bagoia berdin egiten da, baina tximiniarik gabe.

7. Azkenik, katigatu bata besteari alanbre zati batez.

Bizitasuna eman nahi badiozu, jarri begi handi batzuk aurreko aldean.